ARTEA, HISTORIA ETA GASTRONOMIA, ITSASOARI LOTUAK
Getaria ezaguna da, besteak beste, bertakoak direlako Juan Sebastian Elkano marinela eta Cristobal Balenciaga diseinatzaile eta jostun handia. Ezagun dira arraina parrilan eskaintzen duten jatetxeak eta, zer esanik ez, Getariako Txakolina, Getaria inguratzen duten mendi eta zelaietan lantzen diren mahastietan ondutako urteko ardo zuri estimatua.
Getaria Gipuzkoako kostaldearen erdi parean dago. Alde batean Zumaia du eta bestean Zarautz. Historian zehar estrategikoa izan da, bai itsas armadentzat, bai itsas merkataritzan. Baina, Getariak bere-berea du itsas tradizioa. Mendez mende balearen arrantza oinarrizkoa izan da getariarren ekonomian eta, horregatik, balea izan da hiribilduaren armarrien irudi nagusia.
Garai batean hiribildua harresiz inguratuta zegoen, baina gaur ez da ia horren aztarnarik ikusten. Ezaguna da Salbatore deunaren elizaren azpitik igarotzeko pasabidea, Kale Nagusia eta portura jaisteko eskailerak elkartzen dituena. Pasabide horrek Katrapona du izena eta garai bateko harresi eta babes elementuen oinordeko da.
Getariatik hurbil, Donostiara goazela, Zarautz duzu. Herri ezaguna, bereziki surfa egiteko leku paregabea delako eta nazioarteko lehiaketak egiten direlako. Mendebaldera, berriz, Zumaia. Kostaldeko herri apain eta dotorea. Bertan duzu “FLISCH”a, biotopo babestu izendatuta dagoena eta munduko geologo entzutetsuenak erakartzen dituena.
GETARIAKO TXAKOLINA
“Txakolindegira joatea” ez da soilik txakolina upeletatik edan eta xakolindegietako menua dastatzea. Hori bada, baina baita gurean errotuta dagoen ohitura eta giroan parte hartzea ere. Gaur egun, Getariako Txakolina Jatorrizko Deituraren lurralde eremua Gipuzkoa da eta 402 mahasti hektarea ditu. Mahasti horien %91 kostaldean daude.
Getariako Txakolina egiteko Ondarrabi Zuri mahats barietate zuria erabiltzen da gehienbat.
Getariako Txakolina Jatorrizko Deituran 28 upeltegi daude. Horietatik 12tan bisita gidatuak egin ditzakezu: mahastietara joan, txakolina nola ekoizten den ikusi, kata bat egin…
Informazio gehiago: GETARIAKO TXAKOLINA
GETARIAR OSPETSUAK
Asko dira Getarian jaio edo Getarian bizi izan ziren pertsona ospetsuak: Domingo de Bonechea Andonaegi, Pepita Enbil, Jose Francisco de Iturzaeta edo Joaquín María de Barroeta y Hurtado de Mendoza y Aldamar… Dena dela, guztien gainetik bi ageri dira, Getariaren izena munduan barrena ezagun egin dutenak: Juan Sebastian Elkano eta Cristóbal Balenciaga.
Juan Sebastián ElKano
Getarian jaiotako itsasgizona. Munduari bira ematen lehena izan zen, Magallanesek
gidatzen zuen espedizioaren gidaritza hartuta (Magallanes Filipinak irletan hil ondoren). Indiara iristeko helburua zuten, Afrikako kontinenteari itzulia eman gabe. Elkanok hartu zuen espedizioaren gidaritza (adin handieneko ofiziala zelako), Victoria ontziaren kapitain gisa. Espainiatik 265 itsasgizon irten ziren eta itsas bidaiak iraun zituen hiru urteen ostean (1519-1522) 18 baizik ez ziren itzuli. Elkanok, balentriaren aitortza gisa, Carlos I erregearen eskutik armarri bat eta lurraren globoa jaso zituen, honako inskripzioarekin: “Primus circumdedisti me” (Itzulia eman didan lehena izan zara).
Elkanoren lehorreratzea
Lau urtean behin, abuztuaren 7an, arrantzuntzi bat belaontzi gisara apaindu eta 18 itsasgizon itsasoratu egiten dira.
Eguna itsasontzian egiten dute: jan-edanean bapo, kantuan… Ondoren mozorrotu egiten dira, arropa zahartu eta zartatuekin.
Makilatu egiten dira, aurpegietan nekerik handiena islatzeko eta arratsaldean portura sartzen dira, zehaztasunez antzezteko Elkanoren lehorreratzearen epopeia. Oinez, pausoz paso, ezinean eta balantzaka, oinutsik… Getariako kaleetan barrena Salbatore Deunaren elizara joaten dira.
Milaka pertsona hurbiltzen da Getariara lehorreratzea ikustera.
Hurrengoa 2018-08-07an
Cristobal Balenciaga
Moda diseinatzailea izan zen. Goi mailako jostuntzaren artearen sortzailetzat hartzen da.
Aita arrantzalea zuen eta ama jostuna. Ume-emetatik jostuna izan nahi zuen eta ikusten zituen diseinuak marrazten ematen zituen orduak. Hamahiru urte zituela, udak Getarian egiten zituen Casa Torreseko markesak erronak jarri zion, modaren lanbidea ikasteko zuen grina ikusita. Oihal zati bat eta bere soineko esklusibo bat eman zizkion eta eskatu soinekoa kopia zezala. Emaitzak erabat asebete zuen markesa eta aurrerantzean bere mezenasa bihurtu zen.
Balenciaga Museoa
Cristóbal Balenciaga Museoa Aldamar jauregiaren ondoko eraikin berri batean dago.
Topografikoki Getariaren gainean dagoen mendixka batean kokatutako jauregi hori Casa Torreseko markes-markesaren bizilekua izan zen. Haiek Belgikako Fabiola erreginaren aiton-amonak ziren eta Balentziagaren mentore ere izan ziren, haren lehenengo karrera urteetan.
Jauregira lotutako eraikin berriaren bolumena eta egitura Julián Argilagos arkitektoak asmatutakoak dira. Bolumetria luzetarakoa, sinusoidala, eta ebakera trapezoidalekoa da, eta beirazko hormez itxita dago. Barruan, erakusketa aretoak hiru bolumen handi esekitan biltzen dira.